XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

, (...) eta esperantzaren buruan hitz berri batzu hasi nintzen esaten, inkonsziente lehenik, asumiturik ondoan: Kim, maita nazazu ala hil egingo zaitut.

Azkenean neure burua aurkitu nuen, sentimendu ilunetako itsaso zakar hartan neure burua aurkitu nuen eta, segurtasunez, irri egin nion munduari, trufatu nintzaion intsolentziaz.

Munduak ez bait zekien zer punturaino heldu ziren nire gaueroko hausnarketa goibelak, nire azkartasuna permititua ez denaren mugak urratzen ari zela, debekatuaren eremu fantastikoetan sartzen ari zela...

Eremu fantastikoak... baina posibleak, ondo posibleak, ez naiz ni bizi lainotan, esaten didaten bezala, lurra jotzen dut, ez nago ero, ez, zergatik esaten didazue ero nagoela?, eta izutu egiten zarete nire begiradaz, begirada samurra, zorroztasunak ematen dion dizdira txiki batekin...

Orduan ere batek esan zidan, kurioso duk badirudi begiak zorroztu zaizkiala... bai kurioso zen, oso kurioso, bazirudien begiak zorrotzago nituela; ez zen ezer, maitasuna zen...

Maitasunak, neri, sentiduak bizitu zizkidan, ez zizkidan lotarazi, sentsibilidade normal batek sentiezineko ñabardurak somatzen nituen, eta bereziki neukan ideiaren inguruko xehetasun guzti-guztiak interesatzen zitzaizkidan, horretaz beti pentsakor eta gaineratikoaz ahaztuta bezala nebilen.

Ideia handia, handia eta handiagoa egunetik egunera, eta orduak igarotzen nituen gogoa ideia hari buruz zebilkidala, (...).